Ez da geldirik egoten den horietarikoa Irati Elorrieta. Hamaika gauzetan dabilela antzematen zaio. Eta han eta hemen gainera. Berlinen bizi den algortarrak, Burbuilak (Alberdania) liburua aurkeztu berri du. Literaturak hurbildu du hein batean etxera Elorriaga eta Elorrieta. Abizen ia bereko bi algortar: Unai eta Irati.
Unai nire aldean ospetsuagoa da. Hiru liburu publikatu ditu, Sari Nazional bat lortua du eta pelikula bat egin berri dute bere idazlan batean oinarrituta. Urrun nago oraindik berak eskuratu dituen emaitzetatik.
Algortar berlindarra al zara?
Hala naiz, bai. Lehen aldiz Berlinera, 1999an joan nintzen. Harrez gero, joan-etorrian ibili banaiz ere, urte asko daramatzat Alemaniako hiriburuan. Handik kanpo egonaldi luze pare bat egin ditut. Azkena, Donostian; azken hiru hilabeteak. Aurki itzuliko naiz berriz ere Berlinera.
Inazio Mujika editoreak, Burbuilak, zure lehen liburua, ipuinez osatutako nobela gisa bataiatu du.
Bat nator berarekin. Ibilbide luzeko liburua izan da gainera. Hasieran ipuin pilo bat idatzi nituen bata bestearen atzetik. Baina halako batean batasun bat osatzen zutela konturatu nintzen. Egia esan, pozik nago azken emaitzarekin.
Zure 'aitajaun literarioak', Joxerra Gartziak, "plazertzat" definitu du liburua.
Niretzat ere gozamena izan da bera nire irakurle izatea. Testuekin joan nintzaionetik, azken bi urte hauetan izan ditugun elkarrizketak, gozatu ederra izan dira. Errespetuz hitz egin izan dit beti. Era horretan niregana jotzen duen edozein pertsonek egindako komentarioak, gomendioak… gogo onez hartzen ditut. Joxerrak, batez ere, liburua amaitzen lagundu dit; bakarrik idaztea oso gogorra baita. Idazlanari, azken buelta, lehengo udan eman nion. Oso gustura aritu nintzen txukuntzen eta idatziari batasuna ematen.
Etorkizun ederra duen idazletzat zaitu zure irakasle ohiak.
Hori asko esatea da. Orain, hurrengo proiekturako oharrak hartzen, pertsonaietan pentsatzen… ari naiz. Bilketa lanean.
Zure ahots narratiboa "berezia eta bestelakoa" ei da.
Irakurleak esan behar du hori. Liburu pertsonal eta intimista idatzi dut; oso barrutik atera zait. Neurria handi batean biluztu egin naiz. Premia neukan idazteko eta horregatik irten ziren bata bestearen atzetik hain denbora laburrean istorioak. Bizi izan ditudan gauzak pixka bat finkatzeko lagundu dit liburuak.
Espazio edo toki konkretu asko dantzatzen dituzu. Pertsonaiak ere kolore eta arraza ezberdinetakoak dira.
Egun bizi dudan Berlin islatu nahi izan dut. Idatzi aurretik, begiratu eta entzun egin behar da. Halere, ez dakit behatzailea naizenik. Agian, bai…
Liburuko pertsonaia guztiak izaera, jatorri, lanbide… ezberdina dute eta bilaketa batean bizi dira: etxe, lagun, maitasun… bila.
Baita bere buru eta izate modu baten bila ere. Eguneroko gertaerak, adibidez, elkarrekin pelikula bat ikustea edo lagun bat bisitan etortzea, une garrantzitsua da pertsonaientzat. Partekatzen dutena, oso garrantzizkoa baita.
"Giroak eta garaiak ematen dio testuari batasuna" (Irati Elorrieta).
Bai. Hiriaren eta istorioen giroa, berberak baitira. Ahots askotan idatzitako nobela da. Garaia, liburuan zuzenean askorik aipatzen ez bada ere, ezegonkorra eta aldaketa askokoa da.
Burbuilak gaztelaniara itzuli duzu jada.
Liburuko marrazkiak egin dituen Fumi M.Y. lagunak euskaraz ez dakienez, zirriborro bat egin nion marrazteko orduan gidatu zedin. Oso kontentu nago egin dituen marrazkiekin.