Donostia. Azken urteotan herri nomadetan ibili ondoren, orain Oreka Tx taldeari egokitu zaio bikote nomada bilakatzea bere ikuskizun berrian. Bere lana lehen aldiz aurkezteko Mundumira aukeratu dute. Munduko kulturen jaialdia Bergaran egingo da ekainaren 6tik 8ra arte.
Igor Otxoak, Oreka Tx-eko kideak, atzo Donostian aurreratu zuenez, ikuskizun "intimoa" eskainiko dute. Karpa ibiltarian multimedia kontzertuak emango dituzte, gai musikalak eta irudi sinkronizatuak bateratuz.
Horrela, irudiei esker, musikari indiar, mongol, laponiar eta sahararrak leku berean elkartuko dira, zuzenean joko duen Oreka Tx-en txalapartaren inguruan elkar topatuz. Bideo eta audio sinkronizazio sistema berezi bat dela medio, ikuslea bidaia bakoitzean izandako topaketetan eta bizi izandako errealitatean murgilduko da, Otxoak azaldu zuen arabera. Kontzertu bakoitzean, 50 lagunentzako tokia izango da soilik. Horregatik, 40 minutuko ikuskizun berria zortzi aldiz errepikatuko dute jaialdian zehar.
Oreka Tx-k Mundumira aukeratu du bere azken lana ezagutarazteko jaialdiak daukan filosofia bat datorrelako taldearen oinarriarekin, Igor Otxoak azpimarratu zuenez. "Sustraiak hemen dauzka, baina kanpora ateratzen da", laburbildu zuen.
Bergara bost kontinenteetako pertsonen eta kulturen topagune bihurtuko da. "Debagoiena mundura zabaltzea" du helburu ekitaldi honek, Debagoienako Mankomunidadeko Turismo Batzorde buruak, Oxel Erostarbek atzo Donostian egindako prentsaurrekoan azaldu zuenez. Bertan, Bergarako kultura zinegotziak, Enara Minguezek, eta Euskal Herria Aldizkariko Kike Zinkunegik, besteak beste, apirilean, Bergaran, aurkeztutako jaialdiaren egitarau zabala gogoratu zuten.
publiko guztientzat Antolatzaileek publiko guztientzat zuzendutako ekintzez osatutako astebukaera proposatzen dute, eta guztiak dohainik izango dira. Musika, gastronomia, artisautza, bidaiak eta natura protagonistak izango dira.
Musika arloan Boli Kostako Alpha Blondy reggae talde ezagunak disko berria aurkeztuko du. Gainera, proposamenen artean honako hauek nabarmentzen dira: Erresuma Batutik eta Holandatik soul eta musika beltza Tasha's World taldearen eskutik izango da, Bartzelonako 08001 taldea, eta Asikides greziarrak.
Bergarako kaleetan artisautza eta gastronomia azokak egongo dira. Beste aldetik, ez dira faltan botako Senderismoko IV. Azoka, laburmetrai zikloa, mendi irteerak, argazki erakusketak, irteera kulturalak eta abar.
Gobernuz Kanpoko Erakundeen partaidetza ere nabarmena izango da aurten ere. Besteak beste, Tibetetik etorritako monjeak Bergaran izango dira mandala izeneko otoitz zabala egiten. |